sábado, 29 de noviembre de 2008

IKASGELA (TXOKOETAN)





Organigrama honetan ikus daitekeen bezala, Haur Hezkuntzan jorratzen diren eremuak urteen arabera desberdintzen dira.

Gure gelari dagokionez, eremu guztiak lantzen dituzte.

Jarraian banan-banan azalduko dugu bakoitza:

- Margotegia: Plastika eremuan, adierazpena eta sormena sustatzen da txoko honetan. Horretarako, teknika desberdinak erabiliz.

Txoko honetan dagoen taldeak, bestalde, karga eta deskarga nahiz jolasak lantzen ditu.

Karga eta deskarga bloke logikoei deritze. Izan ere, hauek orgatila batean sartu behar dituzte, aukeratutako txartelen ezaugarriak kontuan hartuz.

Jolasak bi motatakoak izan ohi dira: asmatze jolasak (plastilina eta eraiketa) eta jostailu didaktikoak (puzzleak, seriazioak, enkajeak...). Hauen helburua, besteak beste, gaitasun batzuk sustatzea (behaketa, sormena...), trebetasun batzuk lantzea (motrizitate fina adibidez) eta taldekideen arteko komunikazioa bultzatzea da.

- Etxea: Imitazio jolasak, jolas sinbolikoa, rol jolasak... Azken batean, kideen arteko harremana bultzatzen da txoko honetan.

- Antzerkia: Aho hizkuntza eta gorputz adierazpena lantzeko egokia da txoko hau. Izan ere, ipuin bat hautatu eta antzezlan bihurtu beharko dute.

- Inprimategia: Hizkuntza idatzia lantzen da txoko honetan. Aurreko sarreran ikusiriko gure gela izeneko txostena bertako adibide dugu.

- Denda: Oraindik itxita dagoen arren, kurtso honetan zehar landuko dituzte eduki matematikoak txoko honetan. Bertan, produktuak ekoiztu eta saldu beharko dituzte.

Gelatik kanpo, astean behin, bideoa ikusi eta psikomotrizitate saioa izaten dute. Azken hau beste sarrera batean azalduko dugu.



GURE GELA

Gelan sartu eta borobilean esertzen dira haur guztiak. Irakasleak, zerrenda kontuan hartuz, eguneko arduraduna zein den esaten du. Honek, gelan dauden pertsonak zenbatu eta "asistentzia orria" betetzen du. Jarraian, eguraldiari erreparatu eta egutegian dagokion irudia itsasten du.

Txokoetara joan aurretik, eta borobilean eserita jarraitzen dutelarik, saio kolektiboa burutzen dute. Saio hauek egunean lau aldiz egiten dituzte: goizean eskolara sartzerakoan, jolas-orduaren ostean, bazkal ondoren eta arratsaldeko jolas-ordua eta gero. Solasaldi hauetan gai ugari lantzeaz gain, haurrei etxetik ekarritakoa ikaskideei erakusteko nahiz gertatu zaiena kontatzeko aukera ematen die.

Txokoetara joateko ordua heltzean, eguneko arduradunak txartelak lekuz aldatzen ditu. Gela lau taldeetan banaturik dago: berdea, urdina, horia eta gorria. Hauek egunean bi txokoetatik igarotzen dira eta arduradunaren egitekoa talde bakoitzari zein txoko egokitzen zaion adieraztea da.

Blog hau burutzeko 5 urteko gela batean sartu ginen. Jarrain atxikituriko bideoan bertako haurrak aurkeztuko dizkizuegu.

JOLAS PARKEAN

Aurreko sarreran aipatu bezala, tarteka, atariko ateak zeharkatu eta auzoko edo gertuko parkeren batera joaten dira haurrak.
Jolas parkera joatea ez da denbora betetzearren egiten den zerbait. Izan ere, bertara joaten eta bertan jolasten hainbat gauza ikas ditzakete haurrek. Besteak beste: bide hezkuntza, jolas sinbolikoa eta psikomotrizitatea lantzen dira.
Ikastetxetik parkera joateko bizpairu zebrabide gurutzatu behar dira. Haurrek, euren bikotearen eskutik helduta eta ilara mantenduz, irakaslearen esanari egin behar diote kasu. Irakaslea zebrabidearen erdian jartzen denean, autoak geldituz, beraiek aurrera egin behar dute; hala ez bada espaloien itxaron beharko dute.
Behin jolas parkean daudela, bertako instalazioak aprobetxatuz, jolas sinbolikoa (bideoan ikus daitekeen bezala, hostoak erabiliz dendarietara aritu ziren) nahiz psikomotrizitatea (atalkako koordinazioa, koordinazio dinamiko orokorra, oreka...) landu dezakete.
Honetaz gain, ingurunearekin etengabeko harremana mantentzen dute; eta irakasleen laguntzaz hau errespetatzen eta zaintzen ikasiko dute.



miércoles, 5 de noviembre de 2008

KOKAPENA

Hasieran Urdaneta Eskola bazen ere, duela urte batzuk Oianguren institutuarekin bat egin zuen Urdaneta Oianguren Eskola bilakatuz. Hori honela izanik, ikastetxeak hiru eraikin ditu: Haur Hezkuntzakoa, Lehen Hezkuntzakoa eta D.B.H., Batxilergoa eta Goi Mailako Ziklokoa.
Gure kasuan, Haur Hezkuntzako eraikinean zentratuko gara.
Kokapenari dagokionez, eta Ordizia herri txikia dela kontuan izanik, herriko edozein txokotatik gertu dagoela esan beharrean gaude. Ikasle gehienak oinez etortzen badira ere, badira autoan etortzen direnak, baita autobusez ere. Izan ere, ondoko herrietako haur batzuk bertara etortzen dira eta zerbitzu hori eskaintzen zaie.
Bustuntza auzoan kokatzen da gure eraikina, Lehen Hezkuntzako eraikinetik oso hurbil.
Auzo honetan nahiz auzoa herrigunetik banantzen duen errekaren bestaldean parkeak daudenez, eguraldi ona egindakoan ikastetxeko ataritik irten eta inguruaz gozatzeko aukera izaten dugu. Hauxe da herri txikien abantaila!